943 72 06 26 / 630 70 25 87 - info@natureskolabizia.com

Ekintzak

“Baserria, natur eskola bizia” proiektuaren barnean aurki daiteke:

  • Hainbat baliabide: baserriak, baratzeak, negutegiak, abeletxeak, museoak eta interpretazio zentroak, herri bideak eta mendeetan zehar bere izaera mantendu eta eskaintza hobetzen jarraitzen duen azoka.
  • Gida-hezitzaile berezi- bereziak: Hamar urtetik gorako esperientzia eta dietista, herri kudeaketako esparru ezberdineko teknikari eta hezitzaileen laguntza duten Baserritarrak. Beraiek dira beraien programak diseinatu, garatu eta etengabe ebaluatzeaz arduratzen direnak.
  • Eta bizipen esperientzia ahaztezina bilakatuko den ekintza programa didaktiko eta dibertigarria.

 

Ikasketa prozesua benetan probetxugarria izateko talde txikitan egiten da lana (gehienez 22 ikasle) baina ez dago inolako arazorik 40 edo 60ko taldeak ere hartzeko, izan ere baserrien arteko distantziak txikiak dira eta 2 edo 3 taldetan banatu litezke ikasleak.

Jarduerak 3 edo 6 ordukoak dira eta eguna osatzeko jolastoki eta bazkaltzeko parkeak ere gertu ditugu.

Erlegintza ekologikoa

Ekintza honetan erleen bizimodu bitxi eta interesgarria ezagutuko duzue, naturan duten funtzioa eta erlearen etxekotu zeneko historia. Intsektu honen anatomiari buruz ikasiko duzue, erlauntzek nola eboluzionatu duten, zein produktu ekoizten dituzten erleek eta zer den erlegintza. Polenaz karga-karga eginda datozen erleak bizirik ikusteko aukera izango duzue, eztia eta propoleoa, babestutako erregina bat, langileak kumeak elikatzen, dantzan eta garbitzen. Gainera, ezti goxoa probatu eta kandelak egingo dituzue.

Esteka: Aikur

Keramika

Maite eta Jone Urainek osatzen dute Pott keramika tailerra.
Naturako  lau elementuak, lurra ura, airea eta sua elkartuko ditugu zeramika egiteko orduan.
Gure tailarrean egingo duzuen ekintzarekin kreatibitatea eta irudimena lantzeko aukera izango duzue, zuen ideia bati forma emango diozue. Zeramika egiteko prozesua ezagutu, Bustina ukitu, sentitu eta landuko dugu.
Guzti hau egin bitartean Euskal zeramikaren ezaugarriak  aitatuko ditugu eta Pott keramikan erakusten diren eskulturen esan nahia eta lanaren prozesua azalduko dizuegu.

Merkatua mokadu batean

Ekintza hau aukeratzen baduzue helburu bikoitza lortuko duzue: ongi elikatzea zer den eta elikagaiak non erosi daitezkeen jakitea. Nor ez da txikitan janaria prestatzera jolastu? Ba orain Ordiziako merkatu famatuan modu dibertigarrian egin ahal izango duzue, produktua zuzenean ekoizleetatik erostearen abantailak eta garaiko produktuak nola aukeratu ikasiz, besteak beste. Eta D’elikatuz zentroan menu goxo, osasuntsu eta orekatu bat nola prestatzen den ikasiko duzue, eta baita elikadura osasuntsua ariketa fisikoarekin uztartzearen onurak ere.

Esteka:  Ordiziako azoka

Frutazaintza ekologikoa

Hozkailurik ez zegoenean elikagaiak nola kontserbatzen zituzten ezagutu nahi baduzue, denboraldiko frutarik onenak probatu eta lastoarekin jolastu nahi baduzue, hau da zuen aukera. Mermelada goxoa prestatu eta etxean aste guztian (iristen bada!) osasuntsu gosaltzeko potean sartzeko sukalde ekipatua daukazue zain. Egosten den bitartean larreetatik paseoa eman eta behorrak, baratzeak, heskaiak, fruta-arbolak eta eguzki-loreen gisan jiratzen diren eguzki plakak ikusteko aukera izango duzue.

Gaztagintza, Idiazabal gazta

Artzainak izan ziren lurralde hauetako lehenengo biztanleak; beraiek eraldatu zuten gaur egun baserritarrek modelatzen jarraitzen duten paisaia, eta seguruenik beraiek gatzatuko zuten lehendabizi ahuntz eta ardi esnea, gazta egiteko lehenengo pausua emanez. Orain gazta egiten zuek ikasi ahal izango duzue Idiazabal gazta egiten duten bi baserrietako batean. Eta prentsatzen utziko baduzue ere, bi-hiru hilabeteren ostean dastatu egin ahal izango duzue.

Baina gainera ardiak ikusiko dituzue, eta agian biberoia eman ahal izango diezue arkumeei, eta bideo, multimedia eta interpretazio museo txiki batean, naturari hain estuki lotuta dagoen lanbide hau ezagutu ahal izango duzue.

Euskal baserria

Jarduera honen bitartez,  baserri dolareen eraikuntza gidatzen duten oinarri arkitektonikoak ezagutuko dituzue, batez ere eraikuntzari dagozkionak: sagardo-dolare handi baten inguruan barne-egitura nola antolatzen den, bizitokia beheko solairuan eta ukuilua atzeko aldean.  Baserriaren maketa eraiki eta barnealdeko espazioen erabilerak landuko dituzue. 

Ogi eta pasta ekologikoak

Ogi egin berriaren usaina baino gauza samurragorik ez dago, batez ere norberak maitasunez orea egin eta egur labean egosi badu. Hariztizabalen ogi integrala eta pasta ekologikoa egitea benetako gozamena da, eta errezeta etxera eramaten utziko dizuete! Amantal zuriekin ogia egiten ari zareten bitartean, abeltzaintza, kalitatezko produktu naturalei eta bidezko merkataritzari buruz asko ikasiko duzue. Eta atsedenaldian ganbarara igoko zarete, bertan sorpresa edukiko duzue eta. Etxera bueltan, zuek egindako ogiarekin ogitarteko berezia prestatuko duzue.